Saturday, September 10, 2011

Gizakiaren historiari buruz...

1. "La comida es invisible"
2. "Una construcción cultural"
3. "La alimentación. Una 'nueva' forma de ver la ciudad"
4. "Ecoaldeas frente a la ciudad eléctrica"

Lau testuak gai ezberdinei buruz aritzen dira. Batzuk kritikoagoak dira, beste batzuk besterik gabe informatiboagoak dira. Baina lauak aritzen dira, neurri batean edo bestean, elikaduraren eta egungo hirien arteko erlazioari buruz hizketan.

Txikitatik erakutsi digute lehen gizakia nomada izan zela. Gehienez kobazuloz-kobazulo ibiltzen zen. Ehiztaria zen, eta nola ehiza alde batetik bestera ibiltzen zen, ba beraiek, ere. Jakin badakigu ere gizaki orojalea zela. Hau da, haragia eta arrainez gain, fruituez eta barazkiez ere elikatzen zela. Baina fruitu eta barazki hauek ez ziren alde batetik bestera ibiltzen.

Denbora pasa ahala, gizakia ohartu zen bazela modua ehiza eremu itxi baten barruan izateko, eta, hortaz, sedentario bihurtzen joan zen. Honen abantaila zen eremu hau fruitu eta barazkien alboan jarri zitekeela, denetariko janaria eskuragarri zutela. Hau da, elementu ez-mugikorrek gizaki nomada ainguratu zuten.

Handik urte batzuetara, beste arrazoi batzuk zirela medio, fenomeno honi buelta emango zion historiak. Baina
horretarako urte batzuk pasatu behar izan ziren. Konkretuki, 4 milioi bat urte.

Gizakiari industrializazio garaia heldu zaio, eta honekin batera, garraiobide arinen eta mugagabeen garaia. Honi esker gizakiak mundu osoko elikagaiak gurpilen gainean jarriko ditu, ziztu bizian alde batetik bestera herrialde ezberdinetako elikagaiak bidaliz, kulturen nahaspila bat emanez. Honetaz gain, ohartuko da arrazoi ezberdinengatik han eta hemen ez zaiola ekonomikoki berdin aterako produkzioa, hango laneskuarengatik produktoa merkeago ateratzen omen delako.
Eta horra hor lehen aipatutako historiaren buelta ematea. Badirudi nekazaritza nomada bihurtu dugula, gizakia sedentario den bitartean. Landa lurrak urrun bidaltzen ditugun bitartean, gure hiria puntu berean hazi da.

Hain handia izan da bereizketa hau, ezen jendeak ez dakien ezta zein den janarien jatorria. Eta jatorriari buruz nabilenean, ez dut Afrika edo Asia esan nahi; batek baino gehiagok esango luke patatak patatondo izeneko zuhaitzetan hazten direla, edo gaztainak baratxuri-buru itxuradun bola batzuetatik ateratzen direla. Argi daukaguna da elikagai hauek nonbaitetik datozela eta Eroskiko baldetan bukatzen dutela.

Baina larriena hau da: Eroskiko balda hauek eskaintzen dizkiguten elikagaien menpe gaudela. Hau da: gure hiria ez dago prest elikagaien produkzioari dagokionez bakoitza autonomoa izateko. Arkitekto batek Bilboko 'Gran Via' kaleko eraikin bat diseinatzean ez dauka txerriendako eta behiendako kortarako tokirik etxebizitzen banaketetan. Badakielako bost minututara jabeak Eroskiko balda eskuragarri izango duela.

Hau da: 200 urte daramagu industrializazioaren bidegurutzean bide bat hautatu genuenetik. Eta bide horretan jarraitzen dugu, aurreraka. Aldaketa izugarri bat (200 urte) eman behako genuke autonomo izaera horretara heltzeko. Baina, dena den, egungo sistemak funtzionatzen du. Nik behia nire zazpigarren pisuko etxera ezin dut igo, baina Eroskira erraz joan naiteke. Beraz, ez dago arrazoirik aldatzeko. Edo ba al dago arrazoiren bat, agian..?

Gaur amak etxera gaileta kutxa bat ekarri du. Esan didate gaileta kutxa hori hemendik oso urrun egin dutela, eta lan baldintza oso txarretan. Ez dut oso ondo ulertu lan baldintzen kontua, baina esan dit gaileta egileak guk ordaindutakoaren %0,02a eraman duela. Eta beste guztia, gaileta enpresak. Hori, 16 ordu lan eginez egunean, jendez betetako argi gabeko gela zikinetan. Nik ez nuke horrela lan egin nahi, eta agian bai aldatu beharko zela elikagaiak balda batetatik hartzeko sistema.

Ez al da beranduegi atzerapauso hau emateko? Gaur egungo gizarte hiritarrak ba al du asmoa edo gaitasuna aldaketa gauzatzeko?
Honetaz hitz egitean Bilboko edozein 5-10 pisuko etxebizitza bloke bat dut buruan, hiri sareaz inguratua. Ez dakit Herzog & de Meuron arkitektoek Manhattan erdian egindako '56 Leonard Street' dorretxean tokirik proposatu duten nekazaritza eta abeltzaintza autonomorako.

No comments:

Post a Comment