Saturday, September 10, 2011

2011-2012 ikasturtea

Karrera hasi eta handik pare bat egunera laugarren mailan gaude. Hortik esaten omen da hirugarren mailak markatzen duela ikasle-arkitekto muga. Hau da, behin laugarren mailan egonda, arkitektoa omen zarela. Besterik gabe, karrerako azken egunak pasatzea falta zaizula lanean hasteko. Edo gutxienez, garai hauetan, lan mundura heltzeko. Ez dakit arkitekto edo ikasle naizen momentu honetan, baina argi dago karrerari azken egunak falta zaizkiola.

Iaz aurrera pausu bat eman nuen karrerari dagokionez. Karreran egiten genituen lanak egiteaz gain, lagun batzuekin talde lan bat sortu genuen, OREKA izenekoa. Ideia izan zen, unibertsitateaz gain, modu paraleloan beste proiektu batzuk garatzea, leihaketa ezberdinetara aurkeztuz. Talde gaztea da; ez du ezta bere lehen urtea bete, eta denbora urri honetan soilik gauza bakar batzuetara aurkeztu ahal izan da. Baina emaitza paregabeak lortu ditugu. Alde batetik, funtsezkoa dena: talde lanean lan egiten jakitea ikastea. Kide berriak ezagutzea, eta norberak hobekien egiten dakiena taldeari eskaintzea. Eta aurkeztutako proiektuei dagokienez, esan beharra dago harro gaudela lortutako emaitzaz: azken bi leihaketetan finalistak geratu gara.
Ideia bat egiteko, hemen dituzue aurkeztu genituen proiektuen panelak:


New York Theater City:


Viena House Of Music:

 International Museum Of Volcanoes:

TAP Santorini: 


Beraz, 2011-2012 ikasturteari buruz espero dudana, edo hobeto esanda, egin nahiko nukeena, honako hau da:

Hasteko, iaz hartutako bidearekin jarraitu. Klaseko lanak landu, eta aldi berean leihaketerata aurkeztu.
Beste alde batetik, ordenagailua gehiago erabiltzen ikasi. Lan munduan gauzak dauden bezala daude, eta argi dago ez dela erraza izango lana aurkitzea, gutxienez arkitekto moduan. Dena den, karrera honek badauka alde on bat: arkitektura lantzeaz gain, diseinua asko lantzen da. Eta diseinua ez da bakarrik arkitekturan ikusten: web orrialdeetan, dendetan, udalerrietako jaien karteletan, eta abar adibideetan aurki dezakegu. Disenua diodanean, nagusiki, diseinu grafikoari buruz ari naiz.
Hortaz, gure zeregina karreran ahal bezain beste ikastea da, noski. Baina modu zabal batean. Hau da: hemendik urte batzuetara gainera etorri ahal zaigun edozein lan motari erantzun bat eman ahal izateko moduan. Berez, arkitektoak gara, noski. Baina arkitekto izatearen gainetik lan egiteko beharra dago, eguneroko janaria erosi ahal izateko. Beraz, baliteke arkitekto moduan bukatzea, baina egungo egoera dela eta, erraza izango zen informatikari batekin batera diseinu programak lantzen bukatzea, edo web orrialde baten diseinu grafikoaz arduratzea, edo Kellogg's paketeen azaleko photoshop muntaiak egiten bukatzea. Eta langabeziaz inguratutako mundu batetan egonda, aipatutako hauetako edozein ongietorria izango da.


Esan bezala, laugarren mailan egonda, ez dakit arkitekto edo ikasle naizen. Eta hemendik urte batzuetara, ez dakit estudio batean lan egingo dudan, edo zereal kutxak marrazten ibiliko naizen. Baina argi dagoena da momentuz beste bizpa hiru urte pasatu beharko ditudala unibertsitatean, ahal dudan moduan nire burua prestatzen.

No comments:

Post a Comment