Thursday, February 9, 2012

Lehiatu. II topaketa

Ez da lehen aldia (ez azkena) gai honetaz arituko naizena.

Kurtso hasieran hitz egin nuen lagun talde batek, gure kabuz, arkitektura ikasleentzako hainbat lehiaketetara aurkezteko ohitura dugula.

Hasiera talde hau lau lagunez osatua zegoen. Beranduago, beste hiru gehitu ziren. Zazpi pertsonako talde hau OREKAN izenaren pean hasi zen lanean (besteak beste, lehiaketen antolatzaileek taldearen izen bat eskatzen zutelako, nahi ta ez). Lehiaketa askorako parte hartzaile gehiegi ginenez, lehiaketak binaka hasi ginen aukeratzen, bi proiektu desberdinetan aldi berean lan eginez.

Gure bostgarren edo seigarren lehiaketan parte hartzera gindoazela, inguruko jendearen gogoa hasi zen pizten. Taldera jende gehiago hasi zen etortzen. Inguruko batzuek ere haien talde propioa sortu zuten, aurrera joan ez ziren arren.

Beraz, hau izan zen LEHIATUren sorreraren momentua. Hau izan zen planteamendua: zergatik ez dugu egingo talde handi bat, lehiaketa askotan parte hartuko duena (talde txikiagoak osatuz), baina proiektu guztien zuzenketak eta nondik norakoak publikoak izango direnak (LEHIATUren barruan)? Eta, gainera, topaketetan emango diren lanen zuzenketa hauek kanpoko arkitektoen hitzaldi edo azalpenekin konbinatzen baditugu?

Beraz, bi atal ditu funtsean talde honek: alde batetik, kanpoko jendearen (irakasle, arkitekto, ezagun...) jakituria zabaltzea, benetako estudioen esperientziak kontatuz, programen azalpenak emanez, proiektuen adibideak erakutsiz....; eta beste aldetik, taldean egingo diren proiektu desberdinen zuzenketak egitea, kritikatu eta denon iritzia eman dadin.

Hortaz, LEHIATUra edonor gonbidatzen dut. Hau da, ez bakarrik karrera bukaerako jendea, ezta gutxiago ere: aukera ezin hobea iruditzen zait lehenengo, bigarren... mailako ikasleendako. Han ikusi ahalko dute nola karrera bukaerako jendeak planteatzen dituen proiektuak, proiektu bat enfokatzeko modu desberdinak, eta eskolan lantzen ez den gaur egungo (inoiz baino gehiago) funtsezko gauza bat: nola saldu zure proiektua lamina baten bidez bezeroari; aurkezpena.

Eta zeren harira datorren guzti hau? Bada, gaur egin da arkitektura eskolako gela batean LEHIATUren II topaketa. Nik eta Alvarok egindako lehiaketa bat aurkeztu ondoren, beste kide batzuek beste proiektu bat hartu dute adibidetzat eta honen azalpena eman dute. Panelen aurkezpenaren eta lehiaketen epaimahaiaren arteko erlazioaren eztabaida labur bat eta gero, taldeak osatzen hasi gara, aurkeztu gaitezkeen proiektuak zeintzuk diren jakin eta gero. Beraz, datorren egunerako prest utzi dugu taldeen osatzea, berehala lanean hasi gaitezen.

Beraz, esan dudan bezala, berriz ere gonbidatzen dut edonor parte hartu dezan, proiektatzen edo nahi duen azalpenen bat ematen. Informazio gehiago nahi bada, utzi erantzuna hemen bertan, bidalidazu email bat (alabalina@hotmail.com) edota sartu LEHIATUren blog propiora: http://lehiatu.blogspot.com/ .

Besterik gabe, hemen daude gaurko irudi pare bat:


No comments:

Post a Comment